Flora

Gure lurralde honetako haranen kolore bereizgarria basoen eta iraleku, larre eta belardien berdea da. Zuhaitz ugari eta esanguratsuenak zuhaitz hostotsu atlantikoak dira; gehienak espezie bakarreko basoetan, pagoak kasu, edo mistoetan daude, haritzak eta pagoak tartekatuta, eta hauekin batera zumar, ezki, astigar, lizar, gaztainondo, eta abar.

Pagadiak dira gure paisajean nagusi. Garrantzitsuenak Aralarkoak eta Baraibar, Iribas, Alli, Astitz, Oderitz eta Madotzen ingurukoak dira. Garrantzi handikoa da, baita ere, Leitzalarreakoa, Leitza iparraldetik Gipuzkoa eta Ollin ibairaino hedatzen dena.

Haritzekin batera iratzeak, gorostiak, elorri zuri eta beste landare batzuk egoten dira. Putxerriko Erreserba Naturalean, eguteratan, hagina ugari da.

Haritz basoak ez dira horren handiak, badira, alabaina, eder askoak Larraunen -Arruitz, Azpirotz, Lezaeta eta Lekunberrin-, eta Ultzaman -Lizaso kontzejuko Orgi, guztiak ere haritz gandudunekoak (Quercus robur). Badira, halaber, haritz sesileko (Quercus petraea) unadak ere, nahiz eta ez diren horren ugariak, Larraunen -Albiasu eta Baraibarren-.

Hariztiekin batera, eta askotan baso mistoa osatuz, gaztainondoak, lizarrak, hurritzak, astigarrak, zumarrak, urkiak, ezkiak, eta abar topa ditzakegu, eta elorri zuri, gorosti, elorri beltz, ipuru, erratz, gurbe, iratze, txilar, ezpel, sasi, eta abarrez osatutako oihanpea.

Topa ditzakegun beste baso mota batzuk urbazterrekoak dira; hauek, ibaien ertzetan kokatzen dira eta espezie propioak izaten dituzte: sahatsak, zumeak, haltzak, lizarrak, makalak, hurritzak eta zumarrak. Ez da batere harrigarria garai batean hariztiak zeuden lekuetan orain pinudiak topatzea.

Azkenik, gurea bezalako klima atlantikoan landaretza mediterraniarreko zenbait gune topatzea bitxia gertatzen da. Horren lekuko dugu Imotzekoa, Etxaleku eta Erasoren artean dagoen artadi txiki bat.