Bestak

Industria edo zerbitzuak garatuago dituzten herri batzuetan izan ezik, Irurtzun, Lekunberri eta Leitza kasu, Imotz, Ultzama, Basaburua, Larraun, Araitz eta Leitzaranen nekazaritza eta artzaintza nagusitzen dira. Honen ondorioz, oro har, bestak ez dira ezagunak eta familia giroan eta herri bakoitzeko biztanleen artean ospatzen dira.

Neguan Eguberriek hartzen dute garrantzia. Aipatzekoa da Leitzan ospatzen den Orantzaro edo Olentzeroa eta Errege eguneko zintzarrotsa.

Aipatzekoak dira, halaber, zonaldean ospatzen diren inauteriak. Lehenak Uitzikoak dira, erregeak ospatu eta lehenengo edo bigarren asteburuan. Matatxerri eta puska biltzea egiten da. Leitzakoak jendetsuagoak izaten dira eta hauek ere urtarrilaren bukaera aldera ospatzen dira: larunbatean herrian puska biltzea egiten da, igandean inauterietako desfilea egiten da eta astelehenean, berriz, puska biltzea auzo eta baserrietan barna. Bukatzeko ohiko afaria egiten da: eltzekoa, haragi gisatua eta gaztanbera.

Udaberrian garrantzi handia hartzen du Aralarko San Migelek; Pazko-igandean santutegia utzi eta bidaiak eta bisitak egiten ditu, baita alorrak bedeinkatu ere. Ekainera arte, San Joan bezpera arte, irauten dute. Hirurehun herri inguru bisitatzen ditu Baraibarren hasi eta mendilerroaren bestaldean bukatzen du, Uharte Arakilen hain zuzen ere. Tartean, Gorpuzti-eguna Aralarko santutegian ospatzen da: inguruetan prozesioa egiten da, urtero bertaratzen diren ehunka bisitariek oso sentitua.

Udaberria, gainera, erromerietarako garaia izaten da, xumeak baina herritik kanpo bizi diren senide eta lagunekin elkartzeko bidea ematen dutenak. Ezagunenetakoak ditugu Irurtzungo Trinitatea, Belateko monasteriora Alkotzetik egiten dena, Uitziko Dona Garazikoa eta Santa Kruzekoak Areso eta Leitzan.

Udan ospatzen dira herrietako bestak; herri bakoitzak bereak, baina logikoa denez, herri handienetakoek xarma handiagoa dute eta, honenbestez, jende gehiago erakartzen dute. Hauen artean Leitzakoak dira aipagarriak, abuztuan ospatzen direnak. Oso ezagunak dira bertan sortzen den giroagatik eta herri kirolek leku berezia hartzen dutelako, baita dantza taldeak dantzatzen dituen ezpata-dantza eta ingurutxoagatik ere. Ospetsuak dira Lekunberriko bestak.