Eremu babestuak

Zigadi-Beroate artadia
Betelun dago Zigadi-Beroate artadia; 41,3 ha. ditu eta Araxes ibaiaren haitzartearen bi aldeetan dago. Kantauri aldera kokatua, urte luzeetan haizearen lanak sortua da; nonbait, mikroklima berezia izan du haizeari esker. Venturi efektua deitzen diote geografoek eta haizeak haitzartean sartzean airea berotu eta konprimatzean gertatzen da. Aireak giroa lehortzen du eta lur harritsu eta malkartsuan hosto gogor eta iraunkorra haztea errazten du; hosto iraunkor horrek urari eusten dio.

Hala, Zigadi-Beroaten, haitzartearen alde banatara, kantaurialdeko artadia dugu, mediterraneoko girokoa behar lukeena. Artadiaren ondoan beste espezie batzuk ere baditugu: gurbitza, erramua, gartxua, txorbeltza, etab. Eta oihanpean elorria, beltxalea, zuhandorra, erratza, masusta, etab.

Artadia ezagutzeko NA-120 bideska dugu; elizaren atzetik Elosta mendialdera ematen duen pista hartu, Aiztitxo iturrirantz eta Lezaetakogaine loporantz. Arritxora igo, artadian gora, bertatik haitzartearen ikusmira ederra, Malloak eta Araitz harana.

Orgiko hariztia
Lizasoko kontzejuan dago; bertako harizti hezearen azken aleak ditugu. Lagun egiten dio oihanpe aberatsak ( iratzea, ainarra, ipurua, laharra, gorostia, elorria, erratza, etab) eta hegazti ugaria.

Aisirako Eremu Natural izendatu zuten biodibertsitate haundikoa delako. 80 bat ha. ditu eta hiru gune bereizten dira; bi jendearentzat irekiak, eta hirugarrena, Muñagorri izenekoa eta 38 ha.koa, erabilera mugatukoa da basoa birsortzeko.

Arigartzeta harreragunetik sartu behar da, Gerendiain-Lizaso errepidetik hurbil. Aparkalekuak, atsedengunea eta informazio-harrera txokoa ditugu.

Txoko horretan hasiko dira basoan barreneko ibilaldi motzak, Tomaszelaieta paseoak.

Putterri
Azken urteotan Aralarko eremu naturalak babesteko lege berriak sortzen ari dira. Gure mendilerroan, hegoaldeko 14.026ha. jasoak daude Nafarroako proposamenean Erkidegoko Garrantzizko Lekuan (EGL) (Lugares de Importancia Comunitaria, LIC). Eremu hauek osatzen dute 2000 Natura Sarea, hau da, Europa Erkidegoan eremu naturalak antolatzeko ardura duen Sarea. Horretan dugu, ba, Putterri Natur Erreserba (83 ha.), hegoaldean. Proposamenaren helburua da bertako basoa zaintzea, hau da, hurritza, ezkia, astigarra eta, batez ere, hagin gaztea eta bizkorra.

Putterrik 1.299m. ditu, gailur ikusgarria da eta merezi du. Jainkosa eta intxisuen bizilekua da, pagadiak ezkutatua dago eta ez da bisitatuena. Kondairak dioenez, ba omen da gailurrean bertan haitzulo bat; han intxisu zalapartari bat bizi omen da, oihartzuna, eta hitza eskaintzen dionari erantzuna ematen omen dio. Alderik aldeko haitzuloa da eta beste aldeko sarreran larruazal bat bete urre dugu.


MONUMENTU NATURALAK

Eremu babestuei buruzko lege estatalak, martxoaren 27ko 4/89 Legeak, Monumentu Naturala zertan den azaltzen du: "Naturaren espazioak eta elementuak dira eta babes beharrean daude; espazio hauek formazio bereziak, apartekoak eta ederrak dira. Monumentu natural izanen dira formazio geografikoak, aurkikuntza paleontologikoak eta gainerako geografia elementuak, beti ere beren balore zientifiko, kultural eta paisajistikoagatik interes berezikoak baldin badira".

Basaburuako hariztia
Jauntsarasko NA-411 errepidean Basaburua zeharkatu, belarsoro eta hariztien tartean izanen ditugu bi haritzondo, Monumentu Natural izendatuak.

Bide seinalerik ez dute eta, beraz, aurkitzeko bertakoei galdetzea onena.

Leitzalarreako izeidia. Izeieta
Herri-basoa da eta iparrean dago; aisirako gune gisa prestatzen ari dira. Azken etxeetaraino joan behar dugu, paper lantegia eta plazaren artetik. Ezkerraldeko bidetik joanen gara Leitzalarreara. 7,5 km.ra Ixkibarko atsedengunea; mahaiak, txartelak eta ibilaldietarako informazioa.

2 km. aurrerago dugu Izaieta; gaur egun lorategi botaniko bihurtua. Izan ere, izei zuriekin batera herriko 37 zuhaixka edo espezien aleak baititugu, bakoitza bere txartelarekin.