Megalitismoa

Guztiz deigarria eta erabat misteriotsua gertatzen dena historiaurreko gure arbasoen lur-gaineko aztarna ugaria da -betiere erlatiboa-, harrizko monumentu nahiz monumentu megalitiko formakoak; alegia, trikuharriak, tumuluak, harrespilak eta iruinarri edo menhirrak. Artzain-kulturaren berezko elementuak dira (Neolitoa, Neolito bukaera eta Brontze Aroko Erdialdea) eta hilobi gisa erabiltzen ziren, salbu eta menhirren kasuan; hauen erabilpen zehatza zein ote zen ezezaguna da.

Zonalderik oparoena Aralar mendiaren ingurua da; Nafarroa aldera 44 trikuharri eta menhir bat daude, Iberiar Penintsulako ingururik garrantzitsuenetako bat trikuharriei dagokienez. Nolanahi ere, gure ibilaldietako edozeinetan, aipatu ditugun megalitismo modalitate horietakoren batean -salbu eta harrespilak-, ustekabean hilobi edo aztarna hauekin topo egin dezakegu, garrantzi propioko trikuharri-gunetzat jotzen baitira Araitzekoa, Aritz-Ireberrekoa (Beruete, Uitzi eta Leitza), Gorriti-Uitzikoa, Basaburua eta Ultzamakoa; guztien artean beste 26 trikuharri eta tumulu dituzte.

Izenak berak erakusten digunez, tumuluak harrizko metaketa handiak dira, hainbat metro diametrokoak. Gailurrean trikuharriak izaten dituzte, alabaina hauek kasu batzuetan desagertuta daude edo hondakinak baino ez daude. Beste batzuetan ia desagertuta dagoena tumulua bera da eta agerian txabola baten itxura hartzen duten harrizko eraikinak baino ez daude -urte luzez herriak sorginen etxetzat jo dituzte-, oro har hiru zutikakoak eta handiago bat horizontalean jarrita, teilatu gisa.

Ez dugu gure zonaldean harrespilik topatuko eta oso menhir gutxi -lurrean tinkatutako zutarriak-. Bakar bat baino ez dago Ata ibarrean, Erroldan Harria izenekoa; tradizioaren arabera, San Migel Santutegitik jaurti omen zuen Errolanek Madotz herriaren aurka, baina gainjantziarekin korapilatu eta motz geratu zen.