Karst-a

Karst-a arrokak isurketa-urekin kontaktuan disolbatzearen eraginez arroken higadurak kare-harritan sortzen duen erliebe mota bat da. Ezaugarririk aipagarriena arroka hauek lurraren gainazalean nahiz lurpean hartzen dituzten formak dira. Gure lurraldearen lur-eremurik handiena kare-harrizkoa da.

Honela, Plazaola Partzuergoko baso, mendi eta haranetan barnako paseo eta ibilaldietan landaretzaz estalita egon ezean ilargi-paisajearen antzekoa litzatekeen lapiaz egitura, haran itxi, dolina eta zulo handi eta txikiez osatutako paisaje karstikoa topatzen dugu maiz, baita leize, osin eta iturburuak ere, zeinetatik lurpeko ura ateratzen baita.

Paisaje mota honen adibiderik nabarmenenak Aralarren topa ditzakegu. Bertan erraz ikus ditzakegu lapiaz edo arroka ildaskatuzko landa hedadura zabalak; aipatu ildaska horietan argi eta garbi ikusiko ditugu urak sortutako arteka eta ildoak. Paisaje mota hau San Migel Santutegiaren inguruetan, Malloaken hegoalderako isurialdearen inguruetan, eta beste hainbat tokitan aurkituko dugu.

Era berean, hainbat eta hainbat dolina ikus daiteke Lekunberritik Santutegira doan errepidearen bi aldeetara, Albiko zelaietan edo Alli eta Madotzen barna Arakileko korridorearekin lotzen duen Lekunberritiko errepidearen bi aldeetara.

Halaber, poljest eredu zoragarriak daude; hauek, haran edo depresio karstiko moduko batzuk dira. Esate baterako, Igaratzako aterpetxetik Prantzes-Errekako goi-ibarreraino doana, edo Artxueta eta Madotzen tartean dagoen Ata bezalako haran itxiak.

Osin, leize eta iturburuei dagokienez, berriz, ezagun dira Alli eta Aldatzeko leizeak eta Larraun ibaiaren fenomeno bitxia: Aitzarretan sortu -Ertzilla izenarekin-, Baraibarren ondoan, eta Lezegaldeko hobian desagertzen da, berriz ere Iribasen azaleratzen da, oraingoan bai, Larraun izenarekin.