Zerrendara itzuli

Leitza

Leitza

Mapa
Ezaugarriak
Eskaintzak

Herriko bestak San Tiburtzioren omenez ospatzen dira abuztuaren 11n. Bestetan Leitzako Ingurutxoa dantzatzen da, Nafarroa hezeko dantzarik esanguratsuenetako bat. Horren ezagunak ez badira ere, oso herrikoiak dira Leitzako inauteriak (Ioteak); urtarrileko laugarren igandean hasten dira; igande eguerdian koadrila mozorrotuak herritik desfilea egiten dute. Astelehenean eta asteartean herriko bost auzo garrantzitsuenetako baserriak bisitatzen dira(Maieta-Sakulu, Arkiskil, Erreka, gorriztaran eta Erasote). Gazteek Baserritarrek eskainitako gazta, ardoa, txistorra, intxaurrak etabar gustora onartzen dute. Hauekin batera zonaldeko txistulariak joaten dira eta eguna Aurrera Elkartean afari on batekin amaitzen da

Leitzara A-15 autobiatik edo Uitzitik, izen bereko mendatea igarota, irits gaitezke. Leitzako gunerik nagusiena bailararen zabalune baten dago, mendiz inguratuta; hauetan Arkiskil, Erasote, Erreka, Gorriztaran eta Sakulu auzoak daude.

Bailara agerian eta herriaren alde zaharra azpitik dituela, San Migel eliza dago, herriko leku askotatik ikus daitekeena. Elizak arkupe neoklasikoa du, inguruz inguru, eta XVIII. mendearen azken laurdenean eraikia izan zen harri gris-urdinxkako mole izugarria, zeinetik XIX. mende bukaerako dorre bat goratzen baita, albo batean.

Eliza goialdean badago, hortik behera errepideraino iristen den herriaren alde zaharra dago. Bertatik paseo txiki bat eginez, hainbat eraikin mota ikus dezakegu: etxe handiak, Gipuzkoakoen antzekoak, bi isuriko teilatuekin, hiru eta lau solairuko bloke handiak, zurezko balkoi korritu eta erdi-puntuko atariekin, zurezko egitura duten etxeak eta lau isuriko etxe dotore askoak, jauretxe itxurakoak.

Oso nabarmena da 1915ean eraikia izan zen Udaletxea; berau ere zonaldean ohikoa den harri gris-urdinxkakoa, estiloz eklektikoa eta soila. Azpialdean arkupeak ditu, hauen gaineko lehenengo solairua terrazarekin eta honen gaineko beste solairu bat aurrealdean armarri rococoduna, pilotaleku triangeluar moduko batean bukatzen dena.

Leitzako auzoak etxegunez baino baserri multzoz edo baserri bakanez osatuta daude; baserri arruntak, mendi eta ibarretan sakabanatuta. Auzorik handien eta biztanle gehien dituena. Gorriztaranekoa da, Leitzako gainera bidean ipar-ekialdean dagoena. Ondoren, biztanleen aldetik, Arkiskil dugu, ipar-mendebaldera. Norabide horretan bertan, baina zertxobait urrunago, Erreka auzoa dago. Mendebaldera, ibai eta errepideaz beste aldera, Sakulu auzoa dago (49 bizt.), eta azkenik, hegoaldean, Plazaolako bidearen bi aldeetara, Utzira bidean, Erasote auzoa dago. Leitzan, guztira 2889 biztale bizi dira, gutxi gora-behera.

Leitzatik ekialderako gain batean, herriaren gainaldean, Santa Kruz (Santakutz herri hizkeran) baseliza dago. Gaur egun duen itxura XIX. mendean egindako berrikuntzen ondorio da. Berriki zaharberritua izan da.

Herri Kirolek sustrai luzeak dituzte Leitzan, batez ere harri-jasotzaileek, aizkolariek eta esku-pilotariek. Bertakoak dira horren ezagun ditugun I-aki Perurena eta Mikel Saralegi harri-jasotzaileak, edo ta Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea pilotariak.