Aurkezpena Natur bidea Argazki galeria Agenda Denda
  Non gaude
  Nora joan
  Zerbitzu turistikoak
  Natura eta paisajea
  Historia eta Artea
  Kultura
  Intereseko informazioa
  Sarbide mugatua

 
 
 
 


Gure lurralde honetako haranen kolore bereizgarria basoen eta iraleku, larre eta belardien berdea da. Zuhaitz ugari eta esanguratsuenak zuhaitz hostotsu atlantikoak dira; gehienak espezie bakarreko basoetan, pagoak kasu, edo mistoetan daude, haritzak eta pagoak tartekatuta, eta hauekin batera zumar, ezki, astigar, lizar, gaztainondo, eta abar.

Pagadiak dira gure paisajean nagusi. Garrantzitsuenak Aralarkoak eta Baraibar, Iribas, Alli, Astitz, Oderitz eta Madotzen ingurukoak dira. Garrantzi handikoak dira, halaber, Basaburuako Beruete, Arrarats, Igoa, Orokieta eta Erbitikoak, eta Ultzamako Mortuako herri-basoa. Garrantzi handikoa da, baita ere, Leitzalarreakoa, Leitza iparraldetik Gipuzkoa eta Ollin ibairaino hedatzen dena.

Haritzekin batera iratzeak, gorostiak, elorri zuri eta beste landare batzuk egoten dira. Putxerriko Erreserba Naturalean, eguteratan, hagina ugari da.

Haritz basoak ez dira horren handiak, badira, alabaina, eder askoak Larraunen -Arruitz, Azpirotz, Lezaeta eta Lekunberrin-, Basaburuan -Orokieta eta Erbitin- eta Ultzaman -Lizaso kontzejuko Orgin eta beste batzuk Alkotz, Eltzaburu, Iraizotz eta Larraintzarren-, guztiak ere haritz gandudunekoak (Quercus robur). Badira, halaber, haritz sesileko (Quercus petraea) unadak ere, nahiz eta ez diren horren ugariak, Larraunen -Albiasu eta Baraibarren- eta Ultzaman -Zenotz eta Eltson-.

Hariztiekin batera, eta askotan baso mistoa osatuz, gaztainondoak, lizarrak, hurritzak, astigarrak, zumarrak, urkiak, ezkiak, eta abar topa ditzakegu, eta elorri zuri, gorosti, elorri beltz, ipuru, erratz, gurbe, iratze, txilar, ezpel, sasi, eta abarrez osatutako oihanpea.

Topa ditzakegun beste baso mota batzuk urbazterrekoak dira; hauek, ibaien ertzetan kokatzen dira eta espezie propioak izaten dituzte: sahatsak, zumeak, haltzak, lizarrak, makalak, hurritzak eta zumarrak. Ez da batere harrigarria garai batean hariztiak zeuden lekuetan orain pinudiak topatzea.

Azkenik, gurea bezalako klima atlantikoan landaretza mediterraniarreko zenbait gune topatzea bitxia gertatzen da. Horren lekuko ditugu Beteluko artadiak -garrantzia eta hedaduragatik Gune Natural izendatua-, Bi Haizpekoa edo Etxaleku eta Erasoren artean dagoen Imotzekoa, txikiagoa berau.
 
  Karst-a
  Flora
  Fauna
  Eremu babestuak
 
 
 Hasiera  -  Harremanetarako
Página accesible para invidentes mediante el programa Jaws
Bai Euskarari