Plazaolak trenbide estua eta lurrunezko trakzioa izan zuen.
Sorreran meatzerako-trena izan zen eta burnia garraiatzen zuen Plazaolako meatzeetatik Andoainera (Gipuzkoara).
1914 urtean bidaiari-trena izan zen, Donostia eta Iruñea hiriburuak lotzen hasi zen, biak ere albo-hiriak.
Horrela iraun zuen 40 urte; merkataritzarako eta komunikaziorako bide izan zen, eta, aldi berean, kulturaren elkartrukerako ere aukera eman zuen.
1953 urteko uholdeak alde batetik, eta autobusen konpetentziak bestetik, heriotza ekarri zioten trenari 1958an, eta geroztik arrastoak dauzkagu, zimurrak bailiran, gure paisaiaren begibistan.
Hasiera-hasieran
1902 Meatze Konpainiari, Plazaola meategitik ateratako burdin materiala Andoaingo geltokiraino garraiatzea ahalbidetuko liokeen trena eta 22 kilometroko trenbidea eraikitzeko baimena eman zaio. Denborak aurrera egin ahala, hasieran meatzaritzan soilik erabiltzen zen trena merkataritzarako bihurtu da. Merkataritza-helburu honekin, Manuel Alonso Zabala jaunak, Antonio Liaño jaunaren laguntzarekin, 13 milioi pezetako proiektua landu du.
1910 Trenbidea Plazaolatik Iruñeraino luzatzea erabaki da.
1911 Trenbidea berriro ere luzatzea erabaki da. Trena Andoaindik Lasarteraino iritsi daiteke; bertan Eusko Trenbideekin bat eginen du Donostiaraino. Une honetatik aurrera Donostia eta Iruñea trenbideak lotuko ditu, honako estazio hauek tarteko: Iruñea (hiria), Iruñea (lotunea), Aitzoain, Saratsa, Irurtzun, Latasa, Lekunberri, Uitzi, Leitza, Areso, Plazaola, Ameraun, Olloki, Andoain, Lasarte, Añorga eta Donostia (Amara).
1913 Munich-eko Maffei lantegi alemaniarrean tren-makina berriak eraiki dituzte. Guztiz hornituta dauden makina hauek Krauss motakoak dira. Bakoitzak 61 tonako pisua du. Bidaiarien bagoiak, zurezko karrozeriadunak, furgoiak eta salgaien bagoiak Beasaingo tailerretan egin dituzte.
Xelebrea bada ere, Plazaolak Iruñera egin duen lehenengo bidaia uztailean izan da. Ez da inaugurazio bidaia izan, ezta entsegua edo antzekorik ere, guztiz bestelakoa baizik; Administrazio Kontseiluak eta lan honen zenbait teknikarik, ingeniarik eta langilek aukera ezin hobea ikusi dute Iruñera sanferminetara eta zezenketa ikustera joateko. Eta egin ere halaxe egin dute. Trena Gaztelugibeleraino iritsi da.
1914 - Aurtarrilak 8: goizeko hamaika eta erdietan Uitziko geltokira Donostiatik datorren trena iritsi da hiri horretako txangozale talde batekin, “Ski Club Tolosano”-ko sail alpetarreko kideak; herritar ia guztiek ongietorri alaitsua egin diete. Bidaiariek, Uitziko geltoki eraiki berria ezagutzeaz gain, herritik hurbileko mendi-hegal elurtsuetan eski-jauzi eta boss leighs lehiaketak antolatu dituzte. Kirolariei abegi ezin hobea egin diete Zipriano Garroren ostatu-jatetxean.
Urtarrilak 15: Toki-prentsan tren berriaren tarifak eta ordutegiak argitaratu dira. Iruñetik Donostiarako bidaiak izugarri balio du: 14’30, 10’75 eta 7’10 pezeta, segun eta bidaia 1., 2. edo 3. klasean egiten den. Joan-etorriko txartelak hartzeko aukera dago. Txartelak 48 orduko epemuga du. Tren berria inauguratzeko aukeratutako datak (urtarrilaren 19rako, astelehena) eta tarifa altuek toki-prentsan eragin dute iruzkinik; Beti Batek, “Notas Locales” ohiko ataletik El Pensamiento Navarro-n honako hau idatzi zuen 17an (itzulita): “(...) Gonbidatuak goizeko bederatzietan beren etxeetatik aterarazi eta bedeinkapenera Utziraino halako eguraldi txarrarekin eramatea ez da batere atsegina. (...) Eta publikoak trenaren tarifak nabarmen jaitsi ditzatela nahi du, guztiak zur eta lur geratu baitira prezio garesti horiekin”.
 |
|
|
Urtarrilak 19 Plazaola trena (hasiera batean Leitzaran izenaz ere ezaguna) bidaiarientzako garraiobide gisa ofizialki inauguratu da. Irekiera-bidaian bi tren abiatu dira, aldi berean; Iruñetik bata eta Donostiatik bestea, goizeko bederatziak eta laurdenetan. Bi tren-makinek Uitziko geltokian topo egin dute goizeko hamaiketan; bertan Iruñeko Elizbarrutiko Artzapezpiku den Frai Jose Lopez Mendozaren bedeinkapena jaso dute. Ohiko diskurtsoen ondoren, bertaraino etorritako tren eta bagoiak tren bakar batean batu dira eta segidan, elurra mara-mara ari duela, Iruñerako bidaiari ekin diote. Eguerdiko 12,45etan iritsi zen, herritarren txaloen artean. Agintariek Grand Hotel-ean otoruntza egin ondoren, arratsaldeko lau eta erdietan trena Donostiarantz abiatu eta gaueko bederatziak eta laurdenetan iritsi da.
Urtarrilak 22 Egun honetan, arratsaldez, Plazaolaren trenbidean bagoneta batekin endredatzen ari zen gazte bat Nafarroako Ospitalera eraman dute buruan zauri arinak zituela.
Urtarrilak 25 19an inaugurazio ekitaldia egin ondoren, egun honetan hasten da Plazaola garraio zerbitzu publiko gisa funtzionatzen. Toki-egunkari batek hauxe idatzi zuen (itzulita): “(...) Negozioaren ustiapena hasita, berriro ere enpresak publikoari atsegin eman diezaion espero dugu, eta, ordainean, irabazi handiak izatea opa diogu. Bitxikeria gisa, egun honetan bertan Iratiko trena Mendiorozko Bentetan bere bidetik atera dela aipatu beharra dugu, ondorio larririk eragin gabe”.
Urtarrilak 26 Azken ordukoa. Berriak goizaldeko 3:00ak arte: talka: “Plazaolaren trenbidean, trenak bertan lan egiten duten langileek gidatzen zuten bagoneta batekin talka egin du; hilik gertatu da langile-burua eta langileetako bat hilzorian dago. Hauez gainera, beste zortzi lagun ere zauriturik daude. Tren-gidariak izan duen lasaitasunari esker kalte handiagoa saihestu ahal izan da” (El Pensamiento Navarro).
Urtarrilak 27 «Andoainen inguruan Plazaola trenak heriotza ekarri duen lehenengo istripu izan du. Trenean zihoan donostiarraren kontakizuna... ordubeteko atzerapenarekin irten zen... seietan hain zuzen ere, Amaratik (Donostia)... Hildakoa Itsasuko Adrian Azurmendi zen”. (El Pensamiento Navarro).
Maiatzak 3 Iruñea-Donostia trena (itzulita): “Trenaren ustiapena hasi zenetik hainbat hilabete pasa direnean, enpresaren aurkako gaitzespenak gehienen ahotan daude, eta oraindik ere Basaburua eta Imotz Ibar antzetsuek landu zuten bidezko eskariari ez diote ezein erantzunik eman. Aipatu eskarian bidaiarien txartelen prezioak jaistea eskatzen da. Gauza bitxiak gertatzen dira: Latasako geltokia, gurea, hurbilago dago Iruñetik Lekunberri baino eta hala ere Lekunberritik Iruñera merkeagoa da Latasatik baino... gaur, erabat harriturik geratu baikara konpainiak Irurtzundik joan-etorria egiteko txartelak 15 pezetatan jarri dituela jakinda, antza Latasaz batere oroitu gabe”. Basaburutar batek sinatua. Iritzi-artikuluak datu interesgarriak ematen ditu, besteak beste joan-etorriko txartela indarrean jarri zenekoa eta prezioaren ingurukoa. Artikuluaren amaieran, Latasako bidaiariei, prezioan dagoen aldea kontuan hartuta, oinez bizpahiru kilometro egin eta Irurtzunen txartela hartzea hobe datorkiela adierazten du, eta halaxe egiten dute. Bi pezeta aurreztu eta joan-etorriko txartela har dezaketelako.
Donostiako berri laburrak (itzulita): “... ez ohiko bileran gaia mahai gainean geratu da: Iruñetik Donostiarako Tren Konpainiak egindako dirulaguntza eskariaren ingurukoa... 50.000 pezetako dirulaguntza ematea proposatu da, bost urtetan ordaintzeko” (El Pensamiento Navarro)
Apirilak 14 Ondoren aipatzen diren ordutegiak finkatu dira behin betikotasunez: irteerak, Donostiatik: 7’00, 11 eta 17’05etan. Iristeak, Iruñera: 9’59, 13’49 eta 20’01etan. Irteerak, Iruñetik: 7’00, 14’10 eta 17’10etan. Iristeak, Donostiara: 9’54, 17’12 eta 20,01etan.
Abuztuak 1 tarifa berriak jarri dira indarrean, %35eko beherapenarekin
Dagoeneko gaztetu da
1918 Uitziko tunela Plazaolaren ikurretako bat bihurtu da. Penintsulan ireki den tunelik luzeena da. Ia 3.000 metro luze ditu, zuzena; erdialdera goragune txiki bat du eta bertatik sarrera-irteerak ikus daitezke. Mendia eta Mediterraneo zein Atlantiko isurialdeen banalerroa zeharkatzen ditu. Tunel hau lurrin-tren batean 10 km orduko abiaduran zeharkatzea balentria da, nahiz eta Leitzan “ezkonberrientzat, bidea Plazaolaren erritmoan egitea eztei-bidaia hasiera ona da“ esaten den.
Trenaren abiadura motela begi onez ikusten du bidaiari askok. Hauetako batzuk bidaia Irurtzunera iritsi aurretik trena martxan dela jaitsi eta mahatsa hartzeko aprobetxatzen dute.
1919 Plazaola abian jarri izanak zonaldeko herrientzat duen eragina zail da azaltzen. Gehienentzat, tren berria onura iturri garrantzitsua da, baina batzuentzat guztiz bestelakoa. Igande batez, Leitzako meza nagusian, fraide batek pulpitutik egindako sermoian honela mintzatu da: “Leitzan ez litzateke irain bakar bat ere entzungo, Plazaola madarikatua iritsi izan ez balitz".
1920 Lekunberriko geltokia bizitasun gune bihurtu zen, igandetan batez ere. Jendea geltokitik paseatzeko apaindu egiten da eta trenari ongietorria eta agurra musikaz egiten zaio. Ilunsentian geltokia eta herria lotzen duen bidea maiteminduen pasealeku bihurtzen da.
Lekunberriko geltokirako igoeran “fruteria” izeneko denda-kantina- postetxea dago; bertan fruta, gaztazarra, pattarra, sardinzarrak eta solasaldi atsegina eskaintzen dituzte. Gosari onak ogia, gazta eta gorputza berotzeko pattar baso bat edo izan behar ditu.
1924 Beharrizan larriko urte hauetan, janari kontrabandoa eguneroko argumentua da Plazaolan. Oinarri-oinarrizko elikagaiak –ogia, patatak, babarrunak,...- trenari esker iristen dira herrietara. Emakume askok erabiltzen du beren familien beharrizanak beteko dituzten elikagaiak eskuratzeko. Geltokietako langileen arteko elkartasunak Guardia Zibilak bidaiariek daramatzaten elikagaiak errekisatzea saihesten du askotan. Geltoki buruek Ogasuneko edo Guardia Zibileko instruktoreren bat ikusten dutenean, beste geltokietara abisua pasatzen dute bidaiariek poltsak ezkutatu edo haiez libra daitezen. Diotenez, emakume batek, Guardia Zibila geltokian zegoela jakitean, halako larritasunez libratu nahi izan da bere fardelez, ezen ez baita ohartu botatako horietako bat manta batean inguratuta zegoen haurra dela. Trenaren abiadura motelaren ondorioz haurrak ez du kalterik izan
Modan dugu “kontrabandisten berokia”: hiru laurdeneko “cheviot” lodiko berokia, ardi-larruzko lepo eta raglan mahukaduna. Barnealdean ehun sendoko sei sakela ditu eta babarrunak, txitxirioak, dilistak eta beste hainbat jaki ezkutuan eramateko jostura bikoitz sendotua
1929 Trena modernizatu egin da. 200 ZP-ko indarra gara dezaketen diesel automotorrak eskuratu ditu eta –Juan Jose Martinenak aipatutakoaren arabera- 6 zilindroko motorra eta transmisio elektrikoa dute. Hamabi lagun joan daitezke lehenengo klasean eta 18 hirugarrenean. Pisua 33 tonakoa da eta gehienezko abiadura 62 km/or. Automotor berri hauek Beardmore enpresak fabrikatu ditu.
1930 Uholde batek Plazaolak Arga ibaia zeharkatzeko Arrotxapea auzoan harrizko pilareak zituen burdinazko zubia bota du Iruñean. 1931ko ekainaren 19an desagertutakoa ordezkatuko zuen hormigoizko zubi berria inauguratu zen.
Dena da iragankor
1946 Plazaolaren gida ofizialaren arabera, Iruñetik Donostiarainoko bidaiak hiru ordu eta berrogeita bost minutu behar izaten ditu, alabaina, egiazki lau ordutik gora behar izaten itu.
1948 Plazaolaren Iruñeko geltokia, ordura arte Zaragoza Etorbidean zegoena (gaur egungo sindikatuen eraikineko orubean), Oliveto kondearen etorbidera aldatua izan da, Autobus geltokiaren parera.
1952 Plazaola ustiatzen duen konpainiak tren honen hobekuntza eta modernizazioa lortzera bideratutako azterketa-proiektua egin du. Proiektu honek 16 milioi pezetako aurrekontua du eta automotor berriak erosten, bagoiak konpontzen eta trenbidea zein telefono linea erabat berritzen, bidaiaren iraupena “abiadura azkarreko” trenetan bi ordutara eta “posta-trenetan” bi ordu eta erditara jaisten erabiliko da. Dirulaguntzetan pentsatzen hasteko garai txarra izaki, ez da deus egiten.
1953 Urriko uholdeak trenbideko hainbat zubi eta tarte eraman ditu; trenbidea erabiltezin dago. Zerbitzua eten egin da behin-behinekotasunez. Neurri hau, luze gabe, behin betikoa izango da. Zerbitzua berriro ere abian jartzeko negoziazioak Nafarroa eta Gipuzkoako Diputazioekin eta ibilbidean dauden herrietako udalekin izan dira. Nafarroako Potasak irekitzeak badirudi itxaropena eman diezaiokeela Plazaolari mineral garraioan, ez da, ordea, adostasunik lortu.
1958 Dekretu batek konpainiari trenbidea altxatzeko eta lineako instalazioak desegiteko baimena ematen dio.
1968 Trenbidearen lursailak enkantean jarri dira eta jabetza pribatuaren esku geratu dira.
… Eta dena da iraunkor
1989 Lekunberriko Udalak enkargatuta, Plazaolaren ibilbidea natur bide gisa berreskuratzeko lehenengo bideragarritasun azterketa egin da.
1991 Nafarroako Gobernuko Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuak Udalaz gaindiko Eragin Sektorialeko Plana onartuta, Plazaolaren ibilbidea herri-onurakoa eta gizarte-interesekoa izendatu du.
1993 Lekunberriko Udalak enkargatuta, Lekunberritik Gipuzkoako mugarainoko ibilbidea berreskuratzeko proiektua egin da. Halaber, Lekunberri, Leitza eta Plazaolaren geltokietako eraikinak zaharberritu dira.
1994 Plazaola Partzuergo Turistikoa eratu da. Honen helburu estrategikoa, toki ekimen pribatua eta instituzio publikoak elkartzeaz gain, garai bateko ibilbidea natur bide gisa berreskuratzea da.
1995 Nafarroako Gobernuak lursail eta eraikinen desjabetze-espedienteari ekin die. Lekunberriko geltokiaren zaharberritze lanak hasi ditu.
1998 Lekunberrin berritutako geltokia inauguratu da eta bertan kokatu dira turismo-bulegoa eta Partzuergo Turistikoaren egoitza. Geltokiari itsatsita dagoen eraikina –biltegia-, erakusketa eta emanaldi areto bilakatu da.
1999 Lekunberri eta Utzi bitartean, Ingurumen Ministerioak finantzaturik, Plazaolaren ibilbidea berreskuratzeko lanak hasi dira.
2000 Udaberriak, Plazaolaren Natur Bideko berreskuratutako lehenengo tartea inauguratu da, Lekunberri eta Uitzi bitartean. Uitzi eta Gipuzkoako mugarainoko tartea berreskuratzeko proiektua onartu da. Inaugurazioarekin batera, natur bideak Europan eta Nafarroan gaiari buruz hausnartu eta eztabaidatzeko, Nazioarteko Jardunaldia antolatu da.
2011 Uitziko tunela inauguratzen da martxoaren 16an. Mugirotik Andoainera 40 km baino gehiago egin ditzakegu Plazaola Natur Bidean.
|