Aurkezpena Natur bidea Argazki galeria Agenda Denda
  Non gaude
  Nora joan
  Zerbitzu turistikoak
  Natura eta paisajea
  Historia eta Artea
  Kultura
  Intereseko informazioa
  Sarbide mugatua
  Plazaola(n)Bizi

 
Consorcio Plazaola Partzuergoa | Sortu zeure bereizgarria
 
 
 


Goñikoa Teodosio
Kondairak dioenez, godoen garaian, Go-iko zaldun bat, on Teodosio, Andia mendilerroaren hegalean kokatuta dagoen bere sorterritik abiatu omen zen godoei aurre egiteko. Atzera bidean, ermitau jantzita zegoen deabruarekin topo egin omen zuen eta honek bere emaztea desleiala zitzaiola eman zion aditzera. Teodosio tarrapataka abiatu zen etxera eta gelaren argitzaletan bi konkor antzeman omen zituen ohean. Emaztea eta honen maitalea zirelakoan, bertan akabatu zituen biak amorruaren amorruz, alabaina, lazturaz, gurasoak hil zituela ikusi zuen.

Damututa, Iru-eko apezpikuarengana jo zuen barkamena eske, baina honek Erromara bidali zuen, Aita Santuak baino ezin baitzezakeen tamaina horretako parrizidioa barkatu. Aita Santuak barkatu egin zuen, alabaina eremutar bizitza egiteko penitentzia ezarri zion, noiz arte eta gerrian eraman beharko zuen katea hautsi arte.

Honela, Teodosio zazpi urtez ibili zen bere herri inguruko mendietan barna noraezean. Halako batean, Aralar mendian zegoela, leizezulo batetik herensuge erraldoia atera zen. Teodosiok laguntza eskatu omen zion San Migeli; berau agertu eta herensugeari nagusitu zitzaion. Honek, larriki zaurituta, osin batean barna ihes egin zuen. Orduantxe hautsi ziren kateak eta Teodosiok hantxe bertan eraiki zuen santutegia San Migelen ohoretan. Orduz geroztik, bertan dira Teodosioren kateak. Halaber, San Migelen irudia gurtzen da, goiaingeruak berak emandakoa.



Herensuge
Zazpi buruko sugea

Behin bazegoen sugearen itxurarekin agertzen zen jenio bat, uda garaian Aralarko amildegian bizi izaten zen zazpi buruko herensuge erraldoi bat. Zazpigarren burua hazten zitzaionean, sutan jartzen zen eta Itxas-gorrietarantz hegan egiten zuen, hau da, Mendebaldeko "itsaso horigorrien herrialde"-rantz, zarata izugarriarekin haizea zeharkatuz eta hantxe urperatzen zen.

Gose zenean herrietara jaisten zen eta jende asko hiltzen zuen.

Herensugearen mehatxuak mendeetan zehar heroi anonimo ugari sortarazten zituen, Herensugearen aurkako borroka irabazteko indar magikoen laguntzaz baliatzen zirenak, horrela, bere zazpi buruak moztuz eta bere biktimak askatuz. Geroztik, Aralarko pago mendetsuak elezahar askoren ohiartzunarekin batera bizi dira. Bertsio ezberdinetan kontatua izanik ere, herensugearen istorioa euskal mitologiaren kondairik garrantzitsu eta ederrenetariko bat da. Erdi Arotik aurrera, herensugearen irudia kristautu egiten da eta deabruarekin erlazionatzen hasiko dira. Beraz, euskal mitologia eta erlijio kristaua nahastu eginen dira, VIII.mendeko Goñiko Teodosioren kondairan.

Zaldun honek, arabiarren aurka borrokatu ondoren etxera itzultzean ermitariz mozorrotutako deabruarekin topo egin omen zuen. Deabruak Teodosiori esan omen zion bera kanpoan egon bitartean emaztea beste gizonekin aritua zela. Teodosio jaunak, sutan, etxera jo zuen eta, emaztea eta amorantea zirelakoan, ezkontohean lo zeuden bere gurasoak hil zituen.

Bekatu honengatik, Aralarrera kateatuta alde egin zuen. Behin deabrua herensugearen itxurarekin agertu zitzaion. Mikel Deuna Arkaingerari erregutu eta honek penitentziaren kateez askatu zuen, eta munstroaren aurkako borroka irabazten lagundu zion.

Eskerrak emateko Teodosio jaunak ermita bat eraikitzeko agindua eman zuen Arkaingeruaren omenez.

Nafarroan gaur egun arte bizirik dirau Mikel Deunarekiko kultoa, Ilunbetako Printzea edo Herensugea zapalduta mantentzen duen mezulari dibinoa baita.

Duela mende asko eta betirako garaitua, Herensugearen lorratza Plazaolaren bidean dago lokartuta. Bere gorpua Iruña eta Donostiaren arteko bide erdian bi haran erraldoiren gainean datza: mendebaldean Aralar eta Ultzama ekialdean.

Mari
Ekaitzak Mariren esku dira, Aralarreko leize batetik ateratzen omen ditu. Uste horretakoak dira Gorriti aldekoak. Euskal jainkosen artean Mari dugu ezagunena, gainerako jeinuen buruzagia kontsideratua, ongilea edo gaizkilea izatea baino, errespetua sortzen duen pertsonaia da emakumezko ilekizkurra. Marik edertasuna irudikatzen du, ispilu aurrean ordu asko ematen ditu bere ilemataza ederra orrazten, horrelakoetan beldur izateko moduan gara, zer dela eta apaintzen ari den galdetuz gero " Gaur Naparrora a Nua iittara" erantzunen dizu, horrek Nafarroako garitzetan kaskabarra botako duela esan nahi omen du. Lan horretan bere seme baten laguntza izaten du, Mikelats izeneko jeinuarena hain zuzen ere, bi dira Mariren semeak Mikelats eta Atarrabi. Azken hau Mikelats ez bezalaxe ongiarekin lotu izan da.

Euskal Herriko herri askotan emanen dizute Mariren berri. Hona hemen Plazaola gure eskualdean Mari izandatzeko erabiltzen diren zenbait izen, Gorritin Aldureko Mari diote, Leitzan berriz Marimur, Udaben Mariburute, Aranon Andre Mari Muiroko.

Leize eta kobazuloak dira Mariren bizitokiak, beraz Aralarreko edozein kobazulo bere kabia izan daiteke, baina kontuz gero, Marik ez baitu edozein bisitari gogoko, berak gonbidatu behar zaitu. Kontatzen denez, emakume batek Mariren kobazuloan sartu eta honen urrezko orrazia lapurtu zuen,, gure jainkosa-ren haserrea ez zen nolanahikoa izan, hurrengo egunean emakumearen soroak harriz beterik azaldu baitziren.

Euskal Herriko beste txokoetan idortearekin lotu den bezalaxe, gurean ekaitzarekin lotu izan dugu beti Mariren agerpena. Aranon diotenez Mugiroko leize batetik ekaitzak bidaltzen ditu, eta zerua zeharkatzean zaldiaren irudia hartzen omen du. Leitzarrentzat aldiz, Maimur izeneko zubia da ortots eta tximisten sorburua, Mari zubi hartara heltzen baita ekaitz haizearen bila. Beraz, uda partean, ekaitza datorrela sumatuta, Maimurreko zubira hurbilduz gero edota zeruari so egonda paperik ez duen jainkosa ikus dezakezue. Horrela ez bada, segur egon Mari gure Artean izan dela.



Adarbakarraren bailara
Araitz bailaran Erdi Aroko kondaira bat kontatzen dute, zeinean protagonistak ez diren lamiak, herensugeak, ezta sorginak ere, bailaran bizi zen adarbakarra baizik, bitxia eta ez ohikoa bada ere. Kondairaren arabera, medikuek Antso erregearen tristura gaitzerako erremediorik topatu ez zutenez, eremutar bati galde egin zioten eta honek gaitza adarbakarraren adarretik edandako edabe batekin sendatuko zitzaiola ziurtatu zien. Beteluko artadian adarbakar bat bizi zela baina hura ehizatzen saiatzea oso arriskutsua zela esan zien, adarbakarra arima garbiko pertsonei eta maitasun-minik sekula izan ez zuten dontzeilei soilik ematen omen zielako amore.

Antso erregearen alabetako bat, Giomar, bere maitea abiatu eta hil izanaren ondorioz oraindik ere sufritzen zuena basora joan zen adarbakarraren bila; honek Giomar ikusita bere adar bakarrarekin gorputza zeharkatu zion. Aldi berean, oihanartean ezkutaturik zeuden erregearen baleztariek beren geziez adarbakarra zeharkatu zuten.

Erregeak edabea edan zuen adarretik, eta sendatu egin zen, alabaina Giomar alabaren heriotzak sortu zion minak bihotza erdiratu zion…




Abauntzako kobazuloa
Goi-Paleolitotik Kalkolitora arte okupaturik egon den eta Erromako Inperioaren garaian babes modura erabili den aztarnategi garrantzitsua dugu.

Eskualdean Abauntzako Lamizulo izenarekin ezagutzen da, hots, lamien kobazulo bezala, Pilar Utrillak eta Resurreccion Maria de Azkuek jasotako tradizioak dioenez, kobazuloan bizi ziren lamiak inguruko artzainei esnea eskatzen omen zieten. Egun batean, Sunbillenea etxeko artzain batek adarra jo nahi izan zien eta esnea behien gorotzarekin nahasi zuen. Lamiak jokadaz konturatu zirenean artzain atzetik ibili ziren herriaren sarreraraino, baina orduan elizako ezkilak hamabiak jotzen hasi ziren eta lamiek ihes egin behar izan zuten kobazulo aldera, baina ihes egin baino lehen artzaina madarikatu zuten bere etxean besamotz edo mainguren bat beti izango zela aginduz.

 
  Euskara
  Bestak
  Tradizioak
  Pertsonaiak
  Kondairak
  Gastronomia
 
 
 
 Hasiera  -  Harremanetarako
Página accesible para invidentes mediante el programa Jaws
Bai Euskarari