Artxueta mendiak babestuta, honen oinetan hedatzen den lautada txiki batean, San Migel santutegia dago, Arakil mendiartearen gainaldean eta San Donatoren aurrez aurre. Bertaraino Lekunberritik igotzen den errepidea iristen da.
Kondairez inguratuta dagoen bere jatorria gaur egun ikus dezakegun santutegia baino askoz ere lehenagokoa izanen da seguruenik ere. Nahiz eta IX. mendeko tenplu karolinjio baten aztarnak daudela dirudien, eraikia izan zela erakusten duten lehenengo data dokumentatuak 1032. urtekoa, Antso Handia erregearen dokumentu batean jasota, eta 1074. urtekoa dira, gaur egungo eliza erromanikoaren lehenengo dedikazioaren data. Santutegia 1141. urtean bukatu zuten eta barnean duen elizatxoa, Teodosio Go-ikoaren kondairaren herensugeak ihes egiteko erabili zuen osin txiki baten ahoa gordetzen duena, geroagokoa da, XII. mende bukaera aldekoa.
Kanpoaldera hiru abside, erdikoa poligonala, eta eliz atari estali eta itxi moduko portada estalia du. Hiru nabe ditu, aipatu dugun kapera erdiko nabearen barrualdean eta zeharkako nartex bat; honetara nabeetako hiru ateek ematen dute.
Santutegiaren barnealdea polita bada ere, hau bezain polita dira barneko elementuak: San Migelen irudi-erlikitegia, gurutzea buru gainean duela eta osoki zilar gainurreztatuz estalia, eta Europako esmaltegintzako obrarik gailena den XII. mendeko esmalte erromanikoko aurrealde edo frontala. Jesus besoetan duen Andre Maria Birjinaren mandorla du buru, ebanjelarien sinboloez inguratuta eta hauekin batera apostoluen 12 esmalte, errege-magoak, aingeru bat eta identifikatu gabeko beste bi irudi. 1979an lapurtua izan zen eta 1981ean berreskuratua.
Santutegiaz gain, Hirutasun Txit Santuaren omenezko baseliza dago absidearen aurrez aurre. Santutegiari itsatsita, kaperauaren etxea eta ostatu eta aterpetxe bat. |